Zu zara nagusia

20060406

Euskal Herriko Itzulia (V)

Irabazten ikasi du, eta gustua hartu dio. Jakina, Txomin Perurenak dioen bezala, "galduz ikasten da irabazten", eta Samuelek asko daki galtzeaz. Irabazi eta garaipena galtzeaz ere bai, eta modurik bitxienean irabazteaz ere bai.
Asturiasko Itzuli batean "irabazi" zuen lehenengo karrera profesionaletan, Angel Edorekin jokatutako sprint batean. Kendu egin zioten garaipena, Edori bidea itxi ziolakoan. Urte hartan bertan, Montjuiceko igoeraren bi sektoreak irabazi zituen, baina hori kriterium soila da, ez du askorako balio.
Gero, mila bider bigarren postuan geratu ostean, iazko Espainiako Vueltan etorri zitzaion hainbeste bilatzen zuen etapa. Modu barregarrian etorri zen, hori bai: mendate batean gora, Mauricio Ardila nahastu egin zen pankartaz: mendiko pankarta helmugako pankarta zela uste izan zuen, eta, besoak altxatuta, lasai-lasai geratu zen kolonbiarra, etapa irabazi zuelakoan. Baina ez: Samuelek irabazi zuen, Ardilaren despisteari esker.
Atzoko eta hereneguneko etapak dira, baina, Samuelek profesionaletan lortu dituen bene-benetako lehen garaipenak. Segurakoa itzela izan zen, beheranzkoan ihes egiten duten txirrindularien garaipen guztiak izaten direlako itzelak; atzokoa ikusgarria izan zen, Leringo amaiera "italiar" horretan sekulako azeleroia eman eta Samuelek argi utzi zuelako duen maila eta sasoi ona.
Eta, atzoko etapa amaituta, garrantzitsuena: sailkapena. Itzuli honetako kriba isila da, ia-ia oharkabekoa, baina gertatzen ari da: 1. etapan 50 txirrindulari salbatu ziren, 2. etapan 17 txirrindulari, eta atzo beste gutxi batzuk. Edo, beste modu batean esanda, atzo beste txirrindulari mordoxka bat joan ziren pikutara.
Eta une honetan nortzuk daude, bada, itzulia irabazteko moduan? Dudarik gabe, Samuel Sánchez bera, konfiantzaz gainezka eta indartsu dagoelako. Bigarrenik, zelan ez, Alberto Contador. Eta orain arte ia aipatu ere egin ez dugun Cadel Evans, erlojuaren kontrako espezialista. Horiekin ausartuko naiz gaur, jakin arren hemen egun batetik bestera gauzak aldatu egin daitezkeela.

3 Comments:

At 12:11 PM, Blogger piru said...

Eta gaurko etaparen irabazlea esatera ausartuko zinateke, Marino?

 
At 12:28 PM, Anonymous Marino said...

Freire erranen nuke. Maiatzek bihar dauka azken aukera, Piru!!

 
At 1:07 PM, Anonymous piru said...

Superklase batentat ez dago azken aukerarik, baizik eta edonon eta edonoiz irabazteko aukeraren bat.
Aupa Ivan!!!

 

Post a Comment

<< Home