Zu zara nagusia

20060405

Euskal Herriko Itzulia (IV)

Etapa polita atzokoa, mugitua eta bizia. Zerra-hortzak nonahi, eta, batez ere etaparen azken kilometroetan, mugimendu interesgarriak. Eta gainera, Euskaltel batek irabazi zuen, ez edozeinek gainera: sailkapen nagusirako talde laranjak ekarri duen liderrak, Samuel Sánchez asturiarrak. Etapa lortzeaz gain, maillot horia eramango du gaur Sánchezek, eta, hori gutxi balitz, Euskaltelek aurtengo lehenengo garaipena lortu du, ekinaren ekinaz irabazita: atzean geratu dira Paris-Nizako saio on baina mikatzak, Gaztela-Leongo postu politak eta han-hor-hemenka Iñaki Isasik edo Igor Antonek lortu dituzten postutxoak. Atzean geratu dira, eta zelan: Euskaltelen ametsik goxoena bete egin da, etxean irabaztean. Samuel Sánchezek atzo oso argi zeukan, behin eta berriro errepikatu zuenean babesleari segurtasuna emango zion garaipena zela hura. Hori esateko, imajinatzeko modukoa da zelako presioa duten aurten Euskalteleko txirrindulariek, babeslea joango ote zaien edo ez zaien.
Ondo irten zen dena, baina sekulako moskeoa harrapatu nuen asturiarrarekin, ikusi nuenean zelan, azken aldapan behera itzelezko erakustaldia egin ostean, aldapa gora etsi-edo egin zuela, tropelaren hurbiltasunagatik. Telebistan komentarista ari diren Unai Yus eta Mikel Artetxe ere harrituta zeuden, asturiarraren jokaera bitxiagatik. Eskerrak beste aldapa bat zegoen beherantz, eta Samuelek berriro jo zuen erasoa, atzetik Alberto Contador zeukala!!
Contadorri buruz ari garela, ez dugu askoz ere gehiago esango. Itzuli hau irabazteko faborito nagusia bera da orain, dudarik gabe. Atzo dezente murriztu zen faboritoen zerrenda, eta 17 txirrindulari geratu dira aurrean, 2 eta 9 segundo bitartean. Eta bertan, izen handiak: Samuel Sánchez bera, Contador itzela (aspalditik ari naiz pribatuan esaten, baina gaur publikoki, mutil honek Tourren bat edo beste irabaziko duela), Valverde, Sinkewitz (kontuz honekin, "de tapadillo" sartu da-eta hor), Rebellin (beti hor, isilik baina presente), Boogerd (Dekkerrentzat lan egitera zetorren, baina Dekker denboren zuloan galdu da, eta orain Boogerd libre dago), Bertagnolli (oso forma onean), Schleck (beste faborito handi bat), Aitor Osa, Patxi Vila, Azevedo, Perdiguero, Colom, Evans, Piepoli, Kohl eta Itzuli ikusgarria egiten ari den Gómez Marchante. Izen asko dira, eta ea kaña apur bat sartzen duten.
Gaur Lerinen amaitzen da etapa, Nafarroan eta tontor txiki batean. Euskaltel egoera kontrolatzen saiatuko da, baina ikusiko dugu zer gertatzen den, garaipen gosea dago-eta tropelean.

0 Comments:

Post a Comment

<< Home