Zu zara nagusia

20060404

Euskal Herriko Itzulia (III)

Atzoko etapan ezustekoren bat egon zen, baina, sailkapenari begiratuta, pronostikoak bete egin zirela esan daiteke. Sailkapenean, jakingo duzuenez, Alejandro Valverde nagusi, atzetik (milimetro eskas batzuetara) Oscar Freire ziklista bikaina zuela.
Baina ezustekoak izan ziren atzo nagusi: hasteko, Erlaitzek ez zuen karrera apurtu, eta Jaizkibelen gora talde bi egin baziren ere, beheranzkoan elkartu eta... bigarren ezustekoa: helmugara 49 txirrindulari heldu zirela buruan. Horrek asko baldintzatuko du aurretik ditugun etapak, faborito guztiak edo gehienak aurrean heldu zirelako. Atzerago heldu zirenen artean daude Joaquim Rodríguez edo Marco Fertonani, forma onenean daudenak baino ez aipatzearren.
Etaparen pelikula ihesaldi batek markatu zuen, eta, bertan, Euskaltel izan zen protagonista, Unai Etxebarriarekin. Geroago etorriko zen Iban Mayoren ahalegina eta Samuel Sánchezen ahalegina Jaizkibelen behera. Gaurko Correon, Matxinek idatzi du Saunier eta Illes Balears izan direla "los únicos que hemos dado la cara", baina hori egia ez izateaz gain, gezur galanta ere bada: Saunierrek Gómez Marchante gaztea eraman zuen aurrerantz, eta Illes Balearsek oso lan ona egin zuen bere artilleria guztiarekin, baina ezin da ukatu Euskaltelen presentzia erabatekoa izan zela atzokoan.
Bestetik, Erlaitzen behera, Di Lucaren erasoa ere ikusi genuen. Horrek zer esan nahi duen ezin da oso ondo jakin oraindik, atzokoa lehenengo etapa izan zelako eta txirrindulariak elkar tanteatzen aritu zirelako (horren arrazoia izan daiteke Erlaitzen gora gertatutakoa -hobeto esanda: gertatu ez zena-). Izan daiteke, beraz, Di Luca oso ondo egotea eta Erlaitzen behera saiatzea. Baina litekeena da Garzelliren menpe egotea aurten Di Luca: izan ere, Di Luca txirrindulari sutsua bada ere, gaur eguneko txirrindularitzan ez da oso ohikoa faboritoek horrelako alardeak egitea, eta logikoagoa dirudi pentsatzea Liquigaseko liderra Garzelli dela. Ezin jakin, hala ere, italiar zoro hauekin.
Faborito nagusiek, beraz, hor jarraitzen dute. Tartean daude Jon Bru, Aitor Osa, Patxi Vila, Egoi Martínez, Iban Mayo, Mikel Astarloza, Haimar Zubeldia eta Unai Osa euskaldunak.
Gaur, bigarren etapan, espero dezagun atzokoan baino zalaparta handiagoa egongo dela eta faboritoen talde handia murriztuz joango dela.

0 Comments:

Post a Comment

<< Home