Zu zara nagusia

20060331

Euskal Herriko Itzulia (II)

Atzo EHIko etapekin hasita, gaur kontuan hartu beharreko ziklistekin jarraituko dugu. Hona hemen, beraz, zerrendaño bat, ordena alfabetikoan jarrita.
Faboritoak
Alberto Contador: sekulako indarra dauka, gorputzez eta buruz. Gaztea izan arren (23 urte), edozer egiteko kapaz da: iaz bertan, EHIko erlojuaren kontrakoa irabazi zuen. Espainiako txirrindularitzaren esperantza handienetakoa da (jendeak Valverderengan ditu jarrita begiak, baina ai...). Laguntzeko izango ditu Aitor eta Unai Osa, David Etxebarria, Isidro Nozal eta Joseba Beloki.
Thomas Dekker: oso-oso gaztea da (21 urte), baina sekulako potentziala dauka, eta etorkizunean gauza handiak egingo ditu, seguru. Aurten Tirreno-Adriatico irabazi du, eta hori bada nahikoa kredentzial EHIn ere kontuan har dezagun. Hori gutxi balitz, sekulako taldea dakar: Menchov, Boogerd, Rasmussen...
Bobby Julich: beteranoa izan arren (34 urte), olatuaren aparrean dago berriro, Kaliforniako Itzulian 3. geratu eta Paris-Nizako prologoa irabazi ostean. Ez du besterik korritu, baina bi karrera horietan bere marka utzi du.
Danilo di Luca: ezin dugu alboan utzi iazko irabazlea. Egia da iaz topera etorri zela eta Girora arte ere topera ibili zela, eta egia da aurten ez duela oraindik bururik erakutsi. Baina Giroa da bere helburu nagusia, eta hori horrela bada ondo egongo da EHIn ere bai. Gainera, iazkoaren ostean, aurten errepikatzeko prest etorriko da italiarra. Talde ederra dakar: Garzelli, Cioni, Noe, Spezialetti...
Samuel Sánchez: asturiarra ederto ibili zen Paris-Nizan eta Milan-San Remon, eta Euskalteleko liderrra izango da EHIn. Ikusi egin behar zer egiten duen, baina Euskaltel gogotsu etorriko da zerbait erakustera: aurten ere, iaz bezala, garaipenik gabeko talde bakarra da UCI Pro Tourrean, iaz baino askoz ere hobeto ari diren arren. Samuel txirrindulari gogorra da, eta ea zerbait egiten duen.
Alejandro Valverde: ondo heldu da EHIra, eta ondo datorkion karrera da gainera (iaz 2 etapa irabazi zituen, eta 2003an bosgarren izan zen). Bere alde, lasterketak dituen enboskada ugariak. Bere kontra, azken etapa. Alboan izango ditu oso-oso forman dauden Joaquim Rodríguez, Toni Colom eta Marco Fertonani (egia esan, Illes Balears talde osoa dago forma onean).
Kontuan izan beharreko beste izen batzuk
José Azevedo: apurka-apurka badoa agertzen hainbeste urtez Armstrongen lankide fina. Aurten, Paris-Nizan 6. geratu da, eta Gaztela-Leonen 5. Gainera, adituek esan dutenez, izen garrantzitsua izan daiteke aurten portugaldarrarena. Ikusi beharko dugu!
Alexandre Botcharov: joandako astean 10. geratu zen Nazioarteko Criteriumean, eta 2. postua lortu zuen hango etapetako batean.
Cadel Evans: betiko promesa da 2002an egin zuen Giro bikainaz geroztik, baina ez du eztanda egin. Aurten 10. postuan geratu da Coppi-Bartali astean.
Stefano Garzelli: Di Lucaren taldekideak zeregin argia izango du: iazko irabazleari laguntzea. Milan-Turin eta Milan-San Remo klasikoetan ondo ibili da, baina EHI ez da egun bateko proba.
Kaiku: ezin albo batera utzi tropelean minik handiena sentitzen duen taldea. Lehoi zauritua bezala etorriko dira EHIra, eta, iaz bezala, ikuskizuna emango dute esnedunek. Hortxe egongo dira Ricardo Serrano eta Jon Bru batez ere: lehenengoa, EPOaren zigorretik berreskuratuta; bigarrena, Portugalen etapa bi irabazita.
Egoi Martinez: Discoveryko euskalteliarra 4. postuan geratu da aurtengo Gaztela-Leongo Itzuli benetan interesgarrian, eta bost etapatatik lautan lehenengo hamarren artean sartu da.
Davide Rebellin: aurten postu batzuk baino ez ditu egin, baina beti hartu behar da kontuan Rebellin, ez hainbeste sailkapen nagusirako, baina bai etaparen baterako.
Haimar Zubeldia: usurbildarra ere ez dabil batere txarto denboraldi hasiera honetan. Paris-Nizan itxuroso ibili ostean, Gaztela-Leonen ondo ibili da. Duela 3 urte lortu zuen bere azken podiuma (ez EHIn, baizik eta oro har esanda), eta badu garaia espabilatzeko.
Gainontzeko izenak: EHIn ibiliko dira, baita ere, tropelean sona handia duten izenak: Boogerd, Horner, Menchov, Schleck, Garate, Rasmussen, Aitor eta Unai Osa eta beste ugari. Eta ezin ahaztu Iban Mayo, jakina!!

2 Comments:

At 9:57 AM, Blogger piru said...

Zerrendako azkena lehenengo lerrora ekarriko dut nik, Marino. Badakit sasoiko ez dagoena baina irabazle petoa da Igorrekoa, horra hor, apostua: Baietz Ibanek etapa bat irabazi!!! Aupa Iban!!!!!

 
At 10:37 AM, Anonymous Marino said...

Ummm... Murtzian txarto ibili ostean, Gaztela-Leonen ondo ibili zen (azken etapan pott egin zuen arren). Seguru EHIn finago ibiliko dela. Aupa Iban!!

Baina ai!! Izen bat ahaztu zait zerrenda horretan: Patxi Vila. Baina ez kontuan hartzeko moduko ziklisten zerrendan, baizik eta faboritoenean. Aupa Patxi!

 

Post a Comment

<< Home