Zu zara nagusia

20060330

Euskal Herriko Itzulia (I)

Blogaren lehenengo artikuluan esan nuen ATHLETICez gain bestelako kirol kontuak ere lantzean behin agertuko zirela; Marino laguna animatu da Euskal Herriko Itzuliaren gainean idaztera, horra hor, beraz, lehenengo alea:

Motorrak berotzen hasi dira: astelehenean hasten da Euskal Herriko Itzulia (aurrerantzean EHI), eta blog honetatik jarraipena egingo diogu lasterketa handi horri. Ez da broma handitasunaren kontu hori: UCIren baremo baten arabera, Tourraren eta Dauphineren atzetik EHI dator. Beraz, guk ere motorrak berotuko ditugu, jadanik hortzak luze-luze eginda ditugu eta.
Etapak
Itzuli gogorra da, gogorra denez: lehenengo etapatik azkenekora, soilik Gasteizkoan izango dute atseden apur bat txirrindulariek, tradizionalki sprintean edo garrantzirik gabeko ihesaldi batean heltzen den horretan. Gainontzekoak dira, hitz lauz esanda, de aupa el erandio:
Lehenengoa, Irun-Irun, 130 kilometrokoa baino ez da, eta benetan arriskutsua: tartean pasatu beharko dituzte Gurutze (2 aldiz), Xoxoka, Erlaitz (ia 4 km, eta %11tik gorako portzentajea!!) eta Jaizkibel (luzea -ia 8 km-, baina etzanagoa), azken hori helmugatik 12 kilometrora. Etapa horretan, talde txikiren bat helduko da aurretik, seguruenik: 20-25 txirrindulari, gehienez ere. Baina heltzen diren horiek izango dira karrerako onenak, ez izan zalantzarik.
Bigarrena, Irun-Segura (155 km), zerra itxurako etapa da: bidean pasatuko dituzte Gurutze, Leaburu, Altzo, Abaltzisketa, Lazkaomendi, Olaberria, Liernia (2 aldiz), Minas, Aztiria, Gabiria eta berriro Minas. Diotenez, oso errepide estuak dira azken horiek, eta txirrindulariek adi ibili beharko dute. Ondorioz, segurua da lehenengo etapan aurrean sartutako bat edo beste atzean geratuko dela bigarren etapan, garaipenerako aukerak galduz.
Hirugarrena, Segura-Lerin (170 km), italiar erako beste enboskadatxo bat da: ematen du etapa horrek ez daukala zailtasunik, baina goialde batean amaitzen da, kilometro pasatxo eta %8,75eko portzentajeko malda batean. Egia da aurretik txirrindulariek leku beretik pasatuko direla, baina, hala ere, azken urteotan ondo baino hobeto ikusi dugu zelako garrantzia (morala, batzuetan) izaten duten horrelako ailegaerek, esate baterako Zugaztietan edo Zallan jarri dituztenean.
Laugarrena, Lerin-Gasteiz (172 km) arazorik gabea izaten da normalean, txirrindulariek hiru mendate dituzten arren azken 50 kilometroetan (azkena helmugatik 13ra). Esan bezala, pronostikoak betetzen badira, sprinta izango dugu, talde osoarena edo ihes egindako talde txiki batena.
Bosgarrena, Gasteiz-Zalla (178 km), kontuz ibiltzeko beste saio bat izango da: azken urteotako goizeko sektorea bertan behera utzi da (UCIk ez du baimenik ematen sektore bi jartzeko egun berean), eta etapa oso bat antolatu dute arduradunek. Bertan, hasierako Urduñaz gain, San Kosme, Humaran, Bezi, Avellaneda eta, berriz ere, Bezi igo beharko dute, helmuga 13 kilometrora dagoela. Kontrolatu beharreko etapa izango da, ordurako faboritoak oso definituta egongo baitira, eta jendea azken etapari begira egongo da batez ere.
Azkenik, seigarrena, erabakigarriena, 24 kilometroko erlojuaren kontrakoa: Zalla-Zalla. Hain lasterketa laburrerako, ez ote diren kilometro askotxo, horra nire zalantza. Esan nahi dut ez dagoela, nire iritziz, nahikoa mendirik 24 kilometroko bakarkako saioa orekatzeko, eta horrek on handia egingo die erlojuaren kontrako espezialistei (Contador, Julich) eta kalte handia, berriz, hain espezialista ez direnei (Valverde). Beste alde batetik, proba ez da erabat laua: ez da, beraz, teknikoki itzelak diren ziklistentzako etapa, baizik eta gorantz ere ondo moldatzen direnentzako, kontuan izanik Bezi igo beharko dutela.
Gaur etapak aztertu ditugu, eta bihar faboritoak nortzuk diren errepasatuko dugu, gustu baduzue.
Marino

0 Comments:

Post a Comment

<< Home