Zu zara nagusia

20051220

Santo Tomas

Apurka-apurka bada ere, aurrera goazela ematen du, hondoa jo eta gero goranzko joerari heldu dio Clementeren taldeak. Hala ere, eta euforiari ihes egin nahian (ez dago euforiarik puntu bakarreko aldearekin) aste honetan gertaturiko hainbat kontuk zer pentsatua eman didate.
Esaterako, San Mamesera bertaratu diren zaletu kopurua; bere historia osoan liga hasierarik kaxkarrena egin du Athleticek aurton, hala ere, inoiz baino zaletu gehiago hurbildu dira katedralera azken jardunaldiotan. Katedrala katedrala da (Bilbon fededunek leku bi dauzkagu gure senak bultzatuta joan gaitezen: katedrala eta tenplua)
Bigarrena, Aduriz fitxatu berria da eta hiru milioi euro mahai gainean jarri behar izan ditu Lamikizek. Hemen ondorio bi atera genitzake: bata, Bizkaiak behar du 2. B mailako talde bizkaitarren batek bigarren mailarako jauzia egitea. Berdin du nork (Bilbao Athletic, Lemoa, Barakaldo,..,) baina talde batek igo behar du, Aduriz lako jokalariak, zureak izan direnak, fitxatu behar ez izateko horrelako dirutza ordainduta. Bestea, Athleticen lau urterik behin hausteskundeak egitea oso kaltegarria da, azkenotan egin izan diren bezalaxe (egunen baten luze egingo dut berba honen gainean). Lau urte pasa eta gero Lezaman eginiko lana ez da ona eta dena aldatu behar da goitik behera (teknikari, entrenatzaile, prestatzaile fisiko berri mordo bat sartu eta den-dena eraldatu). Horrek hainbatetan noraezean ibiltzea dakar, baita koordinaziorik eza (Aduriz) nahiz zenbait talderekiko harremanak ozpintzea ere.
Baina gaurko partiduan pentsatzen hasita, kriston aukera daukala Athleticek beste urrats bat ibiltzeko, zulotik gehiago aldentzeko. Gaur irabaziz gero (gaur irabazita hobeto esanda) Zaragozaren pare egongo gara, 18 puntu eta alde zein kontrako golen arteko aldea -3 edo txikiagoa izango da. Horiek ez dira bigarren mailara jaisteko zenbakiak.
Gaur, Atxurik esan duen moduan 0 - 1 (Gurpegi).

3 Comments:

At 10:17 AM, Anonymous Atxuri said...

Eh Piru, Zaragozan gertatutakoari buruzko zure analisia irakurri gura dut. Lehen Errealekoak ziren erdi akonplejatuta Bilbora begira ibiltzen zirenak (Arrien, Clemente, Irureta, Amorrortu eta beste batzuen fitxaketek erakusten duten moduan), baina, orain gu izan behar al gara Erreala baino gutxiago ez garela demostratzen ibili behar dugunak? Beste bi partidu ere baditugu oraindik bi golen aldea bertan behera uzteko... Zaragozakoa ikusita, talde hau oraindik berde dagoela begitantzen zait (edo, gutxien-gutxienez, ezker hegaleko atzelari bat fitxatu beharra dago, lehenbailehen gainera).

o

 
At 10:48 AM, Anonymous Piru said...

Partidua komentatzeko lehenengo partidua ikusi behar, eta nik ez nuen ikusi. Golak bai, ordea. Lehenengoa lotsagarria da, ez dauka azalpenik, ez dago ulertzerik lehenengo mailako jokalari batek zelan egin dezake horrelako penaltirik. Bigarrenean, 1 - 2 irabazten eta zauden egoeran egonda ezker hegaleko atzelariak askoz itxiago egon behar du (Del Hornoren hutsak ekarri zizkidan gogora); hala ere, beste kontutxo bat azpimarratuko nuke. Luis Prieto ez zegoen, eta bera da ezker hegalekoari "koberturak" egin ohi dizkiona. Hirugarrena beste horrenbeste, Etxebek baloia galdu bai, baina non dago atzelaria?. Atzo Casasek hainbat gabezi utzi zituen agerian:
- Zenbait momentutan umekeriak egiten ditu (gogoan eduki, esaterako, Cadizen "kaƱo" hori)
- Ez da azkarra, ez dauka abiadurarik.
- Ez daki jokoa interpretatzen.
- Kontzentrazioa sarritan galtzen du.
Pena izan zen, eta espero dezagun eraginik ez duela izango goranzko joeran. Hala ere, Deportivoaren kontrako partiduan garaipena inoiz baino beharrezkoago egiten du atzoko porrotak.

 
At 4:54 PM, Anonymous pitxitxi said...

Nik bigarren zatia baino ez nuen ikusi, baina kontu bat nabarmendu beharra dagoela uste dut. Clementek ez zuen egin orain arteko kanpoko partiduetako apostu ultradefentsiboa. Eta hirurogei minutuz oso ondo atera zen. Beldur naiz ez ote den Zaragozakoaren ostean lehengora bueltatuko. Pena izan da, ekipoa hazten ari zen, gorantz zihoan eta Zaragozan irabazita beste maila baten jarduteko egoeran egongo litzateke. Orain, berriz ere zalantzak, estutasunak, ...
Kutxilloaren falta zelan igartzen den!Ea egun gutxitako kontua den. ...Eta Lamikizena ere bai!

 

Post a Comment

<< Home