Zu zara nagusia

20060801

GURPEGI, EUTSI GOIARI!!

"Eskuzuri txaloak babiloniar altabozetan" zioen DUT taldeak AT disko zoragarri hartan, eta Madrilaldean Torkemada berrien irribarreak entzun behar izan ditugu azkenotan. Barreka eta algaraka dabiltza gazte bat sakrifizioen mahaira ekarri dutelako, bost ebakuntza gainditu dituen jokalari bati etorkizuna errotik ukatu diotelako.
Eszeptikoei txostentxoa (http://www.athletic-club.net/pdfs/dossiergurpegi0108.pdf) irakurtzea gomendatuko nieke, inkisidoreek gure aurrean Carlos Gurpegi Nausia erretzen duten bitartean.
Galdera bat: Baten batek hazi-emale baten hazia jarriko lioke emakumezko bati 37 ordu "Tourlines Express" furgoneta batean eman eta gero?
Nazka, higuin, narda, enpagu, goragale, gohaindura, nakaitz, okaztadura, higuindura, higuintza, hugun, susuma, neke, antoju

20060406

Euskal Herriko Itzulia (V)

Irabazten ikasi du, eta gustua hartu dio. Jakina, Txomin Perurenak dioen bezala, "galduz ikasten da irabazten", eta Samuelek asko daki galtzeaz. Irabazi eta garaipena galtzeaz ere bai, eta modurik bitxienean irabazteaz ere bai.
Asturiasko Itzuli batean "irabazi" zuen lehenengo karrera profesionaletan, Angel Edorekin jokatutako sprint batean. Kendu egin zioten garaipena, Edori bidea itxi ziolakoan. Urte hartan bertan, Montjuiceko igoeraren bi sektoreak irabazi zituen, baina hori kriterium soila da, ez du askorako balio.
Gero, mila bider bigarren postuan geratu ostean, iazko Espainiako Vueltan etorri zitzaion hainbeste bilatzen zuen etapa. Modu barregarrian etorri zen, hori bai: mendate batean gora, Mauricio Ardila nahastu egin zen pankartaz: mendiko pankarta helmugako pankarta zela uste izan zuen, eta, besoak altxatuta, lasai-lasai geratu zen kolonbiarra, etapa irabazi zuelakoan. Baina ez: Samuelek irabazi zuen, Ardilaren despisteari esker.
Atzoko eta hereneguneko etapak dira, baina, Samuelek profesionaletan lortu dituen bene-benetako lehen garaipenak. Segurakoa itzela izan zen, beheranzkoan ihes egiten duten txirrindularien garaipen guztiak izaten direlako itzelak; atzokoa ikusgarria izan zen, Leringo amaiera "italiar" horretan sekulako azeleroia eman eta Samuelek argi utzi zuelako duen maila eta sasoi ona.
Eta, atzoko etapa amaituta, garrantzitsuena: sailkapena. Itzuli honetako kriba isila da, ia-ia oharkabekoa, baina gertatzen ari da: 1. etapan 50 txirrindulari salbatu ziren, 2. etapan 17 txirrindulari, eta atzo beste gutxi batzuk. Edo, beste modu batean esanda, atzo beste txirrindulari mordoxka bat joan ziren pikutara.
Eta une honetan nortzuk daude, bada, itzulia irabazteko moduan? Dudarik gabe, Samuel Sánchez bera, konfiantzaz gainezka eta indartsu dagoelako. Bigarrenik, zelan ez, Alberto Contador. Eta orain arte ia aipatu ere egin ez dugun Cadel Evans, erlojuaren kontrako espezialista. Horiekin ausartuko naiz gaur, jakin arren hemen egun batetik bestera gauzak aldatu egin daitezkeela.

20060405

Euskal Herriko Itzulia (IV)

Etapa polita atzokoa, mugitua eta bizia. Zerra-hortzak nonahi, eta, batez ere etaparen azken kilometroetan, mugimendu interesgarriak. Eta gainera, Euskaltel batek irabazi zuen, ez edozeinek gainera: sailkapen nagusirako talde laranjak ekarri duen liderrak, Samuel Sánchez asturiarrak. Etapa lortzeaz gain, maillot horia eramango du gaur Sánchezek, eta, hori gutxi balitz, Euskaltelek aurtengo lehenengo garaipena lortu du, ekinaren ekinaz irabazita: atzean geratu dira Paris-Nizako saio on baina mikatzak, Gaztela-Leongo postu politak eta han-hor-hemenka Iñaki Isasik edo Igor Antonek lortu dituzten postutxoak. Atzean geratu dira, eta zelan: Euskaltelen ametsik goxoena bete egin da, etxean irabaztean. Samuel Sánchezek atzo oso argi zeukan, behin eta berriro errepikatu zuenean babesleari segurtasuna emango zion garaipena zela hura. Hori esateko, imajinatzeko modukoa da zelako presioa duten aurten Euskalteleko txirrindulariek, babeslea joango ote zaien edo ez zaien.
Ondo irten zen dena, baina sekulako moskeoa harrapatu nuen asturiarrarekin, ikusi nuenean zelan, azken aldapan behera itzelezko erakustaldia egin ostean, aldapa gora etsi-edo egin zuela, tropelaren hurbiltasunagatik. Telebistan komentarista ari diren Unai Yus eta Mikel Artetxe ere harrituta zeuden, asturiarraren jokaera bitxiagatik. Eskerrak beste aldapa bat zegoen beherantz, eta Samuelek berriro jo zuen erasoa, atzetik Alberto Contador zeukala!!
Contadorri buruz ari garela, ez dugu askoz ere gehiago esango. Itzuli hau irabazteko faborito nagusia bera da orain, dudarik gabe. Atzo dezente murriztu zen faboritoen zerrenda, eta 17 txirrindulari geratu dira aurrean, 2 eta 9 segundo bitartean. Eta bertan, izen handiak: Samuel Sánchez bera, Contador itzela (aspalditik ari naiz pribatuan esaten, baina gaur publikoki, mutil honek Tourren bat edo beste irabaziko duela), Valverde, Sinkewitz (kontuz honekin, "de tapadillo" sartu da-eta hor), Rebellin (beti hor, isilik baina presente), Boogerd (Dekkerrentzat lan egitera zetorren, baina Dekker denboren zuloan galdu da, eta orain Boogerd libre dago), Bertagnolli (oso forma onean), Schleck (beste faborito handi bat), Aitor Osa, Patxi Vila, Azevedo, Perdiguero, Colom, Evans, Piepoli, Kohl eta Itzuli ikusgarria egiten ari den Gómez Marchante. Izen asko dira, eta ea kaña apur bat sartzen duten.
Gaur Lerinen amaitzen da etapa, Nafarroan eta tontor txiki batean. Euskaltel egoera kontrolatzen saiatuko da, baina ikusiko dugu zer gertatzen den, garaipen gosea dago-eta tropelean.

20060404

Euskal Herriko Itzulia (III)

Atzoko etapan ezustekoren bat egon zen, baina, sailkapenari begiratuta, pronostikoak bete egin zirela esan daiteke. Sailkapenean, jakingo duzuenez, Alejandro Valverde nagusi, atzetik (milimetro eskas batzuetara) Oscar Freire ziklista bikaina zuela.
Baina ezustekoak izan ziren atzo nagusi: hasteko, Erlaitzek ez zuen karrera apurtu, eta Jaizkibelen gora talde bi egin baziren ere, beheranzkoan elkartu eta... bigarren ezustekoa: helmugara 49 txirrindulari heldu zirela buruan. Horrek asko baldintzatuko du aurretik ditugun etapak, faborito guztiak edo gehienak aurrean heldu zirelako. Atzerago heldu zirenen artean daude Joaquim Rodríguez edo Marco Fertonani, forma onenean daudenak baino ez aipatzearren.
Etaparen pelikula ihesaldi batek markatu zuen, eta, bertan, Euskaltel izan zen protagonista, Unai Etxebarriarekin. Geroago etorriko zen Iban Mayoren ahalegina eta Samuel Sánchezen ahalegina Jaizkibelen behera. Gaurko Correon, Matxinek idatzi du Saunier eta Illes Balears izan direla "los únicos que hemos dado la cara", baina hori egia ez izateaz gain, gezur galanta ere bada: Saunierrek Gómez Marchante gaztea eraman zuen aurrerantz, eta Illes Balearsek oso lan ona egin zuen bere artilleria guztiarekin, baina ezin da ukatu Euskaltelen presentzia erabatekoa izan zela atzokoan.
Bestetik, Erlaitzen behera, Di Lucaren erasoa ere ikusi genuen. Horrek zer esan nahi duen ezin da oso ondo jakin oraindik, atzokoa lehenengo etapa izan zelako eta txirrindulariak elkar tanteatzen aritu zirelako (horren arrazoia izan daiteke Erlaitzen gora gertatutakoa -hobeto esanda: gertatu ez zena-). Izan daiteke, beraz, Di Luca oso ondo egotea eta Erlaitzen behera saiatzea. Baina litekeena da Garzelliren menpe egotea aurten Di Luca: izan ere, Di Luca txirrindulari sutsua bada ere, gaur eguneko txirrindularitzan ez da oso ohikoa faboritoek horrelako alardeak egitea, eta logikoagoa dirudi pentsatzea Liquigaseko liderra Garzelli dela. Ezin jakin, hala ere, italiar zoro hauekin.
Faborito nagusiek, beraz, hor jarraitzen dute. Tartean daude Jon Bru, Aitor Osa, Patxi Vila, Egoi Martínez, Iban Mayo, Mikel Astarloza, Haimar Zubeldia eta Unai Osa euskaldunak.
Gaur, bigarren etapan, espero dezagun atzokoan baino zalaparta handiagoa egongo dela eta faboritoen talde handia murriztuz joango dela.

20060331

Euskal Herriko Itzulia (II)

Atzo EHIko etapekin hasita, gaur kontuan hartu beharreko ziklistekin jarraituko dugu. Hona hemen, beraz, zerrendaño bat, ordena alfabetikoan jarrita.
Faboritoak
Alberto Contador: sekulako indarra dauka, gorputzez eta buruz. Gaztea izan arren (23 urte), edozer egiteko kapaz da: iaz bertan, EHIko erlojuaren kontrakoa irabazi zuen. Espainiako txirrindularitzaren esperantza handienetakoa da (jendeak Valverderengan ditu jarrita begiak, baina ai...). Laguntzeko izango ditu Aitor eta Unai Osa, David Etxebarria, Isidro Nozal eta Joseba Beloki.
Thomas Dekker: oso-oso gaztea da (21 urte), baina sekulako potentziala dauka, eta etorkizunean gauza handiak egingo ditu, seguru. Aurten Tirreno-Adriatico irabazi du, eta hori bada nahikoa kredentzial EHIn ere kontuan har dezagun. Hori gutxi balitz, sekulako taldea dakar: Menchov, Boogerd, Rasmussen...
Bobby Julich: beteranoa izan arren (34 urte), olatuaren aparrean dago berriro, Kaliforniako Itzulian 3. geratu eta Paris-Nizako prologoa irabazi ostean. Ez du besterik korritu, baina bi karrera horietan bere marka utzi du.
Danilo di Luca: ezin dugu alboan utzi iazko irabazlea. Egia da iaz topera etorri zela eta Girora arte ere topera ibili zela, eta egia da aurten ez duela oraindik bururik erakutsi. Baina Giroa da bere helburu nagusia, eta hori horrela bada ondo egongo da EHIn ere bai. Gainera, iazkoaren ostean, aurten errepikatzeko prest etorriko da italiarra. Talde ederra dakar: Garzelli, Cioni, Noe, Spezialetti...
Samuel Sánchez: asturiarra ederto ibili zen Paris-Nizan eta Milan-San Remon, eta Euskalteleko liderrra izango da EHIn. Ikusi egin behar zer egiten duen, baina Euskaltel gogotsu etorriko da zerbait erakustera: aurten ere, iaz bezala, garaipenik gabeko talde bakarra da UCI Pro Tourrean, iaz baino askoz ere hobeto ari diren arren. Samuel txirrindulari gogorra da, eta ea zerbait egiten duen.
Alejandro Valverde: ondo heldu da EHIra, eta ondo datorkion karrera da gainera (iaz 2 etapa irabazi zituen, eta 2003an bosgarren izan zen). Bere alde, lasterketak dituen enboskada ugariak. Bere kontra, azken etapa. Alboan izango ditu oso-oso forman dauden Joaquim Rodríguez, Toni Colom eta Marco Fertonani (egia esan, Illes Balears talde osoa dago forma onean).
Kontuan izan beharreko beste izen batzuk
José Azevedo: apurka-apurka badoa agertzen hainbeste urtez Armstrongen lankide fina. Aurten, Paris-Nizan 6. geratu da, eta Gaztela-Leonen 5. Gainera, adituek esan dutenez, izen garrantzitsua izan daiteke aurten portugaldarrarena. Ikusi beharko dugu!
Alexandre Botcharov: joandako astean 10. geratu zen Nazioarteko Criteriumean, eta 2. postua lortu zuen hango etapetako batean.
Cadel Evans: betiko promesa da 2002an egin zuen Giro bikainaz geroztik, baina ez du eztanda egin. Aurten 10. postuan geratu da Coppi-Bartali astean.
Stefano Garzelli: Di Lucaren taldekideak zeregin argia izango du: iazko irabazleari laguntzea. Milan-Turin eta Milan-San Remo klasikoetan ondo ibili da, baina EHI ez da egun bateko proba.
Kaiku: ezin albo batera utzi tropelean minik handiena sentitzen duen taldea. Lehoi zauritua bezala etorriko dira EHIra, eta, iaz bezala, ikuskizuna emango dute esnedunek. Hortxe egongo dira Ricardo Serrano eta Jon Bru batez ere: lehenengoa, EPOaren zigorretik berreskuratuta; bigarrena, Portugalen etapa bi irabazita.
Egoi Martinez: Discoveryko euskalteliarra 4. postuan geratu da aurtengo Gaztela-Leongo Itzuli benetan interesgarrian, eta bost etapatatik lautan lehenengo hamarren artean sartu da.
Davide Rebellin: aurten postu batzuk baino ez ditu egin, baina beti hartu behar da kontuan Rebellin, ez hainbeste sailkapen nagusirako, baina bai etaparen baterako.
Haimar Zubeldia: usurbildarra ere ez dabil batere txarto denboraldi hasiera honetan. Paris-Nizan itxuroso ibili ostean, Gaztela-Leonen ondo ibili da. Duela 3 urte lortu zuen bere azken podiuma (ez EHIn, baizik eta oro har esanda), eta badu garaia espabilatzeko.
Gainontzeko izenak: EHIn ibiliko dira, baita ere, tropelean sona handia duten izenak: Boogerd, Horner, Menchov, Schleck, Garate, Rasmussen, Aitor eta Unai Osa eta beste ugari. Eta ezin ahaztu Iban Mayo, jakina!!

20060330

Euskal Herriko Itzulia (I)

Blogaren lehenengo artikuluan esan nuen ATHLETICez gain bestelako kirol kontuak ere lantzean behin agertuko zirela; Marino laguna animatu da Euskal Herriko Itzuliaren gainean idaztera, horra hor, beraz, lehenengo alea:

Motorrak berotzen hasi dira: astelehenean hasten da Euskal Herriko Itzulia (aurrerantzean EHI), eta blog honetatik jarraipena egingo diogu lasterketa handi horri. Ez da broma handitasunaren kontu hori: UCIren baremo baten arabera, Tourraren eta Dauphineren atzetik EHI dator. Beraz, guk ere motorrak berotuko ditugu, jadanik hortzak luze-luze eginda ditugu eta.
Etapak
Itzuli gogorra da, gogorra denez: lehenengo etapatik azkenekora, soilik Gasteizkoan izango dute atseden apur bat txirrindulariek, tradizionalki sprintean edo garrantzirik gabeko ihesaldi batean heltzen den horretan. Gainontzekoak dira, hitz lauz esanda, de aupa el erandio:
Lehenengoa, Irun-Irun, 130 kilometrokoa baino ez da, eta benetan arriskutsua: tartean pasatu beharko dituzte Gurutze (2 aldiz), Xoxoka, Erlaitz (ia 4 km, eta %11tik gorako portzentajea!!) eta Jaizkibel (luzea -ia 8 km-, baina etzanagoa), azken hori helmugatik 12 kilometrora. Etapa horretan, talde txikiren bat helduko da aurretik, seguruenik: 20-25 txirrindulari, gehienez ere. Baina heltzen diren horiek izango dira karrerako onenak, ez izan zalantzarik.
Bigarrena, Irun-Segura (155 km), zerra itxurako etapa da: bidean pasatuko dituzte Gurutze, Leaburu, Altzo, Abaltzisketa, Lazkaomendi, Olaberria, Liernia (2 aldiz), Minas, Aztiria, Gabiria eta berriro Minas. Diotenez, oso errepide estuak dira azken horiek, eta txirrindulariek adi ibili beharko dute. Ondorioz, segurua da lehenengo etapan aurrean sartutako bat edo beste atzean geratuko dela bigarren etapan, garaipenerako aukerak galduz.
Hirugarrena, Segura-Lerin (170 km), italiar erako beste enboskadatxo bat da: ematen du etapa horrek ez daukala zailtasunik, baina goialde batean amaitzen da, kilometro pasatxo eta %8,75eko portzentajeko malda batean. Egia da aurretik txirrindulariek leku beretik pasatuko direla, baina, hala ere, azken urteotan ondo baino hobeto ikusi dugu zelako garrantzia (morala, batzuetan) izaten duten horrelako ailegaerek, esate baterako Zugaztietan edo Zallan jarri dituztenean.
Laugarrena, Lerin-Gasteiz (172 km) arazorik gabea izaten da normalean, txirrindulariek hiru mendate dituzten arren azken 50 kilometroetan (azkena helmugatik 13ra). Esan bezala, pronostikoak betetzen badira, sprinta izango dugu, talde osoarena edo ihes egindako talde txiki batena.
Bosgarrena, Gasteiz-Zalla (178 km), kontuz ibiltzeko beste saio bat izango da: azken urteotako goizeko sektorea bertan behera utzi da (UCIk ez du baimenik ematen sektore bi jartzeko egun berean), eta etapa oso bat antolatu dute arduradunek. Bertan, hasierako Urduñaz gain, San Kosme, Humaran, Bezi, Avellaneda eta, berriz ere, Bezi igo beharko dute, helmuga 13 kilometrora dagoela. Kontrolatu beharreko etapa izango da, ordurako faboritoak oso definituta egongo baitira, eta jendea azken etapari begira egongo da batez ere.
Azkenik, seigarrena, erabakigarriena, 24 kilometroko erlojuaren kontrakoa: Zalla-Zalla. Hain lasterketa laburrerako, ez ote diren kilometro askotxo, horra nire zalantza. Esan nahi dut ez dagoela, nire iritziz, nahikoa mendirik 24 kilometroko bakarkako saioa orekatzeko, eta horrek on handia egingo die erlojuaren kontrako espezialistei (Contador, Julich) eta kalte handia, berriz, hain espezialista ez direnei (Valverde). Beste alde batetik, proba ez da erabat laua: ez da, beraz, teknikoki itzelak diren ziklistentzako etapa, baizik eta gorantz ere ondo moldatzen direnentzako, kontuan izanik Bezi igo beharko dutela.
Gaur etapak aztertu ditugu, eta bihar faboritoak nortzuk diren errepasatuko dugu, gustu baduzue.
Marino

20060223

Zarra, goian bego

Gaur Bilboko etxean hil da Telmo Zarraonaindia, Athleticek inoiz eduki duen jokalaririk karismatikoena. Asko dira Telmok utzi dizkigun zertzeladak, bost aldiz ligako pitxitxia, 38 gol denboraldi batean (Hugo Sanchezek ere gol kopuru bera sartu zuen 38 partidutan, baina Telmok, gureak, zortzi partidu gutxiagotan); gaur egun ere errekorrak dirau; edota behin atezaina gaindituta, gol zuloan atezaina lesionatuta zegoela ikusi eta baloia kanpora bota zuenekoa. Futbol zelaian inoiz ikusi ez dugunontzat Zarra izena entzutea historia usaintzea zen, 40-50 urtetako katedraleko giroa sentitzea gure barnean. Oraindik akordatzen naiz lehenengo botak erosi nitueneko pasarte horrekin. Urduri nengoen, bederatzi urterekin azkenean futbolean arituko nintzen, ametsa gertuago ikusten nuen. Nire lehenengo denboraldia hastear zegoen eta botarik ez neukanez gurasoekin joan nintzen Zarraren kirol dendara erostera. Andre bi zeuden bertan, Aita bietako bati hurbildu eta zera esan zion: "Oye, unas botas de fútbol para el chaval, por favor". Emakumea nigana hurbildu eta zein neurrikoak gura nituela galdetu zidan. Erantzun orduko apalategiko garestienak hartuak nituen; halako batean, gizon bat sartu zen eta zera esan zidan: "Para jugar en campos de tierra, que es donde hay que empezar, llévate éstas". Gizonaren aurpegia ikusi eta urduriago jarri nintzen. Zarrak saldu zizkidan lehenengo botak. Merkeenak. Harro atera nintzen kalera, ezin harroago. Ezin aita baino harroago.
Urte batzuk geroago Zarrari egin zioten bere sasoian egin ez zioten omenaldia. 40 urte beranduago azkenean San Mamesek egingo zion omenaldia bere semerik begikoenari. Ilobatxoarekin atera zen zelaira, eta hark egin zuen ohorezko sakea. Ez dut gogoratzen noren kontra izan zen. Baina ezinezkoa zait ahaztea atsedenaldian mikrofonotik esandakoak. Oraindik jartzen zait oilo ipurdiaoroitzean emozioak jota eta asko kostata bota zuen AUPA ATHLETIC! hori. Historia bizia zen, historia bizia da. Athletic maite zuen eta Athleticek maite du.
ATHLETIC 2 (Zarra) - Villareal 0